Banner
Banner
Banner
Banner
Banner
Banner castellano
tel. 948 890565
info@mendixut.com
NafarPres
AZALA BERRIAK IRUDIETAN BIDEOAK JENDEA IPARRALDE ERREZETAK ESTEKAK
  lehen orria
Email Facebook Twitter Delicious Meneame Digg Technorati

(2019/10/29)


Larunbat goizeko 8:00etan, artean argitu gabe zegoela, murgildu zen Ganboa bere erronkan Sakana Bizirik mendi taldeko beste dozena bat korrikalariren babesean. Gainera, Iker Karrera mendi korrikalaria ere hasieratik bukaera arte bidelagun izan zuen artzainak. Arruazutik abiatu eta lehenengo parada Aralarko San Migelen Santutegia izan zuten, zailtasunik gabe heldu zirelarik. Besteak beste, Aitor Zubieta eta Iosu Bergera pilotariak zituzten bertan zain. Handik Madotz aldera atera ziren eta aldapan behera erritmo polita hartuta uste baino lehenago iritsi ziren Latasara, bidean Goldaratz ere zeharkatuta. Behin Imotzen sartuta, Zarrantz aldera jo eta bide ertzean Irurtzungo Iskidi taldeko artalde sinpatiko batek harrera egin zien musikaz alaituta.
Eguerdirako Olaguen ziren korrikalariak; espero baino ordubete lehenago. Herritar ugari eta Hegoalde Ikastolako haurrak bildu ziren bertan, aniztasunaren aldeko pankarta eta guzti. Gainera, herriko haurrek gogotsu ekin zioten erronkari ziztu bizian erronkako protagonistak aurreratuaz. Egozkue, Iragi, Usetxi, Saigots, Lintzoain... Iragin geldiunea egin eta hornidura puntua izan zen; Idiazabal Jatorri Izendapeneko artzainek egin zioten harrera Ganboari artzain baserri batean. Erritmoari jarraituz arazorik gabe iritsi ziren Bizkarreta-Gerendiainera aurreikusitakoa baino azkarrago. Handik Aurizperri eta Auritzera bidea hartu eta Orbaizetako Olan ziren korrikalariak gau sartzen hasi zenerako. Ibilbideko zati horretan Unai Ugartemendia korrikalaria eta kazetaria ere bidelagun izan zuten.
Denboraz ongi zihoazela probestuz, atsedenerako garaia heldu zen. Orbaizetako “Lorentxoina” etxean zituzten zain prestatzaile eta laguntzaileak, masaje batzuk emateko prest. Bertan ere salda beroa hartzeko aukera izan zuten Ganboak eta konpainiak. Etxeko familiak eskuzabaltasun handiz jaso zuen Bideak-eko talde guztia eta oso giro goxoa eskaini zieten. Behin berotuta eta deskantsatuta, 1:30ean berriro ekin zioten abenturari, oraingoan Iratiko Oihanean barrena murgilduz.
Gaua Iratiko parajeetan zehar eman ondoren, igande goizeko ordu txikietan, 6:30ean, egin dute Orhiko (2.017m) gailurra: zailena eginda, azken txanpa baino ez da gelditzen. Martxa politean ekin diote jaitsierari eta, Larraulgo Tunela zeharkatuta, Lazako Bordara iritsi dira goizean goiz. Han zituen zain Ganboak familiako kideak eta harrera beroa jaso du. Azken kilometroetan, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia eta Laura Sola korrikalariak izan ditu lagun. Erronkariko Bailaran, Uztarrotzen txalaparta doinuekin jaso dituzte eta azken kilometroak bereziki hunkigarriak izan dira. 30 korrikalariren babesean heldu da Ganboa Izabara, joaldun kuadrilla batek inguratuta: Zaraitzu ibaiaren defentsarako Zain Elkartekoak, inguruko korrikalariak, ADI Elkartekoak, mendi taldeetakoak, etab. Cipriano Barace Plazan, artzainari eskainitako monumentuaren ondoan, hainbat artzainek zubia egin diete Ganboa eta Karrerari euren makilekin eta alfonbra gorri baten gainetik burutu dituzte azken metroak, jendetzak inguraturik. 170 kilometro egin eta gero, goizeko 11:00etan helburua bete du Ganboak: bera eta Idiazabal gazta Izabara iritsi dira.
Erronka osoan zehar Bideak proiektuko lan talde oso bat gertutik jarraika izan dute korrikalariek. Uneoro ondoan zituzten fisioterapeuta, nutrizionista eta dokumentala grabatzen ziharduten kamerariak, besteak beste. Haiekin zegoen ere Iker Martinez, ibilbidearen arduraduna. Talde osoaren lana izugarria izan da: gau eta egun gelditu gabe.
2019/10/27
Izaban jai eguna izan da. Erronka bukaerak bat egin du “Enaren Jaia”-rekin. Lehenik, Idiazabal gazta Erronkariko eta Ossau-Iratyko gaztekin trukatu dute helmugan eta ondoren bazkaria egon da pilotalekuan. Bazkaltzeko, bestela ezin izan zitekeenez, artzain ogi-apurrak, txistorra eta gazta. Arratsaldean, aldiz, parte- hartzaile eta kolaboratzaile guztiek omenaldia jaso dute eta Txema Goldaratz artistaren artelan bat banatu zaie. Arratsaldean zehar musika egon da bertaratutako guztien gozamenerako. Horrekin bukaera eman zaio asteburu osoko festari.
Dena den, proiektua oraindik ez da bere amaierara iritsi. Hemendik aurrera Bideak Dokumentalari forma eman eta 2020an argia ikusiko duela aurreikusten da. Oraindik ere ekarpen ekonomikoa egiteko aukera dago www.bideakdokumentala.eus atarian.


Banner
Banner
Banner
 
 
MENDIXUT Iribarren, 31 bajo. 31680 Otsagabia. 948 89 05 65. info@mendixut.com - Skype: mendixut